Talkattack

"Mirant al cel" por Kiko Amat

Talkattack

Talkattack (Irun 2007)

Talka Tour

Talka Tour 2007

berriak/news/noticias

2009/04/03

"Checkpoint Rock" pelikularen estrenaldia

DONOSTIAKO GIZA ESKUBIDEEN VII. ZINEMALDIA APIRILAREN 30EAN AMAITUKO DA “CHECKPOINT ROCK. CANCIONES DESDE PALESTINA” FILMAREN ESTREINALDIAREKIN ETA MUSIKARI PALESTINARREK ETA FERMIN MUGURUZAK EMANDAKO KONTZERTU BATEKIN

Pelikula, Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak zuzendua eta Israel, Gaza eta Zisjordanian filmatua, gaur egun bertatik sortzen ari diren musika desberdinen bitartez hurbiltzen da Palestinara

Donostiako Giza Eskubideen VII. Zinemaldia (apirilak 23-30) datorren apirilaren 30ean bukatuko da Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak zuzendutako Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina dokumentalaren estreinaldiarekin eta musikari palestinar batzuen kontzertuarekin, Fermin Muguruza bera lagun dutela.

Pelikula hau, Filmanova etxeak eta K2000 euskal enpresak batera ekoiztua, ETB eta Eusko Jaurlaritza bitarteko, Victoria Eugenia Antzokian proiektatuko da 19:30ean. Israel, Gaza eta Zisjordanian filmatuta dago eta Palestinako musikara hurbiltzen da, bertan garatzen ari diren musika estilo desberdinetara. Tel Avivetik hasi eta Gaza eta Zisjordaniako lurralde okupatuetaraino, eta DAM rap taldeko (duela hiru urte kontzertu bat eman zuten Zinemaldiari amaiera emanez) kideetako batekin, musika tradizionaleko interpreteengana, hip hop abeslari gazteengana, rock taldeetara hurbiltzen da dokumentala, oztopoak oztopo euren lanarekin jarraitzen ahalegintzen diren horiengana...

Checkpoint Rock

Ondoren, 22:30etik aurrera, pelikulako protagonistetako batzuek kontzertu bat emango dute Gazteszenan (Egia Kultur Etxean): Checkpoint Rock Zuzenean. Zenbait musikari palestinarrek, Fermin Muguruza lagun dutela (baita bere ohiko kolaboratzaileak ere: Jon Elizalde tronboia, Sorkun ahotsa eta Zigor Lampre DJa) Palestinako soinuak ezagutzera emango dizkiote publikoari. Hauek dira parte hartuko duten musikariak:

Amal Murkus: Musika tradizionaleko abeslaria
Naseem Dakwer: Laut arabiar eta biolin jolea
Habib Al-deek: Oud maisua Nablusko Unibertsitatean
Suhell Nafar: Abeslaria, Palestinan sortutako aurreneko arabierazko rap taldekoa, DAM
Safaa Arapiyat: Emakumezko aurreneko rap musikari palestinarra
Kher Fody: Poeta, abeslaria eta perkusio jolea, musika tradizionaleko Walla’at taldean
Ayman PR: Gazako Palestinian Rapperz rap taldeko abeslaria

Zinemaldiko proiekzioetarako eta kontzerturako sarrerak datorren ostiraletik, apirilaren 17tik aurrera jarriko dira salgai.

Checkpoint Rock Zuzenean kontzerturako sarrerak bihar, larunbatean, apirilaren 4an jarriko dira salgai. Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Servikutxa, Telekutxa eta internet (www.kutxa.net) bidez eskura daitezke. Sarreraren prezioa 10 €.

Filmen proiekzioetarako abonuak eta sarrerak datorren ostiralean, apirilaren 17an jarriko dira salgai. Abonuak (18 €) Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan bakarrik salduko dira. Sarrerak (3,70 €) Victoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean eta baita Servikutxa, Telekutxa eta internet (www.cineyderechoshumanos.com / www.kutxa.net) bidez ere.

Zuzendariaren hitzak

Fermin Muguruza izena dut, eta Euskal Herriko musikari bat naiz. 2002ko Aste Santuan Palestinara joan nintzen bidaian europar ordezkaritza batekin palestinarren eskubideak errebindikatzera eta haiekin batera lurraren eguna ospatzera.

99 Posse-ko Sound System italiarrarekin lankidetzan, Jerusalemgo bi topaketatan musikari palestinar eta israeldarrekin parte hartzea zen asmoa.

Hara iritsi ginenean bonba bat bota berri zuten Tel Aviven. Pertsona ugari hil ziren eta horren aurrean israeldar armadaren erreakzioa hauxe izan zen, orduko lehendakaria, Arafat, Ramallaheko Mukata-n (Lehendakaritza Jauregian) setiatzea.

Urgentziazko batzar bat egin ondoren, fakzio politiko palestinar guztiek Ramallahera joateko eskatu ziguten, eta euren lehendakariaren bizitza salbatzeko giza babes gisa jarduteko.

Ordezkaritzako 500 kideetatik, 40 pertsonak lortu genuen Ramallahen sartzea, setiatuta zegoelarik eta kalera irten ezin zelarik. Egun haietan bizi eta sentitutakoa gogoratze hutsarekin hotzikara ematen dit oraindik. Baina zera lortu genuen, jende talde txiki bat Mutakan sartzea eta ondoren “Ramallaheko bataila” deitu izan zitzaion horretan egotea. Izan ere, oihartzuna izan genuen nazioarteko prentsan eta berehalakoa zirudiena gerarazi ahal izan genuen.

Harrezkero, beti pentsatu izan dut garai hartan gerrak musikaren bidez espresatu ahal izateko aukera zapuztu bazigun, noizbait esku hartu behar nuela, musikari naizen aldetik, lur horrek bizi duen eguneroko draman Joan den urtean, Ángel Katarain soinu teknikariak Cruzando el puente (2006) dokumentala ikusteko gomendatu zidan, Fatih Akin zuzendariarena, eta hurrengo egunean Anari abeslariak deitu zidan esanez dokumental hori huts egin gabe ikusi behar nuela.

Arrazoi zuten. Dokumental hark zeharo hunkitu ninduen. Alexander Hacke musikaria Istanbulgo hiri zoragarri horretan barrena zebilen musika iturrien, eraginen eta ikuspegi desberdinen bila. Handik gutxira azkeneko erasoaldia hasi zen Libanon. Orduan, nire lagun Antón Reixa musikari eta zine produktoreari deitu nion. Zerbait egin behar genuela aipatu nion burua berotuta, eta zubia zeharkatu, kasu honetan checkpoint-ak, eta Palestinako soinuak jaso eta munduari erakutsi behar genizkiola. Nire teknikari Ángel Katarainek ordenadore bat zuela komentatu nion musikariak zuzenean erregistratzen dituena, eta era horretan komunikaziorako zubi berriak eraiki ahal izango genituzkeela, isilune izugarri handi hori etenarazteko.

Hasiera hasieratik gogo biziz hartu genuen ideia hori, baina beste pertsona baten beharrean geunden, proiektua aurrera ateratzeko tenorea erakutsiko zuena: La espalda del mundo (2000) eta La guerrilla de la memoria (2002) dokumentalen zuzendaria, Javier Corcuera alegia. Giza Eskubideen aldeko Nazioarteko Batzorde Zibilean ezagutu nuen, 1998an Chiapasen izan zena, eta harrezkero hainbat eta hainbat aldiz topatu izan dugu elkar, beste mundu bat posible delako ideiarekin zerikusia duten ekitaldietan beti.

Paradise Now (2005) pelikulak lurralde okupatuetako pobrezia eta etsipenaren eta Tel Aviveko oparotasun eta handitasunaren artean dagoen izugarrizko kontrastea erakusten digu bertan egindako ibilbidearen amaieran. Guk alderantziz egingo dugu bidaia. Hiriburuko publizitate iragarki eta neoietatik abiatuko gara Israelen bertan dauden arabiar auzo marjinatuetaraino. Checkpoint-ak zeharkatuko ditugu Zisjordaniako lurralde okupatuak ezagutzeko eta Gazako zerrenda bihurtu den kontzentrazio esparru handian bukatuko dugu.

Fermin Muguruza


  • muguruzafm.com
  • muguruzafm.com
  • RSS