Espetxe zigorra Muguruzaren saio baten kontra lehergailua jarri zutenentzat
EFE - BARTZELONA Bartzelonako Auzitegiak sei urteko espetxe zigorra ezarri die 2001eko martxoaren 4an Fermin Muguruzak Bartzelonan kontzertua eman behar zuen tokian lehergailu bat jarri zuten lau pertsonari (Santiago Royuela, Antonio Tomas Martinez, Ramon Cuadrado eta Oscar Serrano). Terrorismo delitua egotzi die laurei, Muguruzak Santseko auzo etxean kontzertua eman baino egun bat lehenago lehergailuz beteriko lapiko bat jartzeagatik. Lehergailua aktibatzean leherketa izan zen eta Cuadradok eta Martinezek erredurak izan zituzten.
Lau akusatuak Timbalers del Bruch eskuin muturreko taldekoak dira, eta, epaiketan aitortu zutenez, Muguruzaren kontzertua «Euskal Herriko presoen aldeko eta Terrorismoaren Aurkako Legearen aurkako ekitaldia» zelako egin zuten atentatua. Epaiaren arabera, «entzuleak beldurtzea eta kontzertuaren arrakasta kolokan jartzea» zen haien helburua. Epaiak dio lau akusatuak ez direla «talde armatu edo terrorista» batekoak, baina Muguruzaren kontzertuaren kontrako ekintza bera «terrorismo delitua» dela.