| 2003-XII-1 Komunikazioa 18 Aupa lagunok: Abian da Komunikazioa tour izeneko egitasmoa. Irailaren 28an Artozki herrian (info eta argazkiak: www.euskalherria.indymedia.org) eta azaroaren 22an Aljeriako Tindufen diren errefuxiatu saharauiarren kanpamenduetan aritu ostean, (info: www.festivalsahara.com), aurreko asteko ostegun eta ostiralean Oiartzungo Pagoan aurkezpen ofizialak burutu ditugu. Bira hau gauzatzea zaila izango zela jakin arren (iragarritako kronika), tajuz saiatu garela baieztatu behar dizuet. Demokrazia tranpa honetan, non errudunak garen kontrakoa erakusten ez dugun bitartean, Partido Popularrak ezarri duen pentsamendu bakarraren baitan babestutako jazarpenak zenbait kontzertu bertan behera uztera bultzatu gaitu. Horrela, Logroñoko Actual festibalean 2004an egin beharreko lehenengo kontzertua galerazia izan da, bertako Udalaren presioagatik. Ahalegindu garen arren, Estatu Espainoleko zenbait tokitan ezin izango dugu gure burua aurkeztu. Ezingo dugu jo ez Asturies ezta Murtzian ere. Andaluzian Cordoba hirian arituko gara bakarrik, Extremaduran Meridan eta Aragoian Huescan, Zaragozakoa azken momentuan erori baita. Galizan aurreikusitako 4 kontzertutik 2 bakarrik eskainiko ditugu. Madrilen, nahiz eta izugarri kostatu toki bat aurkitzea, Caracolen 2 egun jarraian izango gara. Bai atal honetan, bai LIVE atalean gaurkotuko dugu bira honetako kontzertuei buruzko informazioa. Eskerrak berriro ere zuen elkartasuna, babesa eta laguntzeko borondatea azaldu diguzuen giza mugimendu, pertsona eta kolektibo orori, laster elkar ikusiko dugulakoan. Bestalde, Euskadi Irratian egindako adierazpen batzuen inguruan jasotzen ari naizen galdera zaparrada dela eta, baieztatu nahi dut hau nire azkeneko bira izanen dela. Hala ere, horrek ez du esan nahi musika egiteari utziko diodanik, kontrakoa baizik, barne erraietatik beharra sentitu bakoitzean hor izango baitira nire bizitzaren inguruko manifestuak. Besarkada bat: Fermin Muguruza  |