|
2005
VII 7
Gora San Fermin!
Komunikazioa 026
Aupa lagunok:
Euskal Herriko kapitalean txupinazoa jaurti baino lehen zenbait berri
azaldu behar ditut:
1. ARGAZKIAK: Uztailaren 15etik aurrera aukera izango da DJ LAIA
eta KONTRAKANTXA bezala buruturiko emanaldien 100 argazki osaturiko
erreportaia ikusteko Argazkiak Photo atalean. Bertan
Intxaurrondo, Amsterdam, Paris, Arantza, Madrid, Berlin, Madrid, Barcelona,
New York, Amman eta Damaskoko irudiak ikusi ahal izango dira.
Hemendik New Yorkeko Mehanata Cultural Club eta Local Project, baita
Ammaneko Makan Center eta Cheb Balowski taldeko lagunak agurtu nahi
ditut benetan eskertuta izandako adiskidetasuna, laguntza eta babesarengatik.
Damaskoren gainean AEBtako mehatxua estutuko balitz, haruntza joango
ginateke krimen horren kontra egitera ahalko genukeen neurrian. Nire
herriko jaietara itzulita, tristea da esatea baina aitortu beharrean
nago fundamentalista gehiago topatu ditudala Irunen, Ekialde Ertainean
baino. Nire besarkadarik beroena herriko jai nagusian irain eta golpeen
gainetik libreki parte hartzen duten emakume eta gizonezkoentzat. Geroa
geurea da.
2. KONTRAKALEA ACCIÓ DVD: Eta eskubide zibil eta politikoen
defentsan jarraitu behar dut, Jarrai-Haika-Segi makro-sumarioak (non
nik ere deklaratu behar izan nuen Gazte topaguneak antolatzearen karira)
eragindako gastuei aurre egiteko, Bartzelonan buruturiko KONTRAKALEA
ACCIÓ emanaldiaren DVD bat salgai jarriko dugulako gaurtik
aurrera 9 euroen truke. Kontzertua amaitu bezain laster salgai jarri
zen ekintzaren erresumena, MAK, AFRIKA, SORKUN, KONTRAKANTXA eta BAD
SOUND SYSTEM taldeen kantuekin, orain ikusi eta entzun ahal izango da,
baita Irundik Bartzelonara bidaian izandako entsaio bitxiaren zati batzu.
DVDa Euskal Herriko Jai guztietan ipintzen diren txosnetan eskuratu
ahal izango da.

3. NEGU GORRIAK: Aurtengo negurako Negu Gorriak taldearen DVD
bat kaleratzeko egitasmoa ari gara lantzen. Bertan NG taldeak VHS formatoetan
kaleraturiko edukiak biltzea litzateke asmoa, baita 2001.eko otsailaren
23an Donostiako Belodromoan Geurea da Garaipena izenburupean
buruturiko kontzertuaren atal indeditoa ere. Honekin batera aipaturiko
kontzertuaren zuzeneko CD extra bat argitaratuko genuke DVDarekin batera,
nire DVDarekin bitxikerien CD bat kaleratu genuen bezala.
Honen harira, oraingoan ere eskaera bat luzatu behar dizuet: Edozein
materiala grabaturik baldin baduzue, batez ere NG taldeak burutu zituen
azken 3 kontzertuen inguruan (Baiona eta Belodromoko biak), mesedez
igorri METAK disketxearen helbidera; Eguzkitza 13, 20.304 IRUN, NEGU
GORRIAK jarriz. Seguru detailerik txikiena ere, baliogarria izango zaigula.
Besarkada handi bat eta laster arte lagunok:
Fermin Muguruza

|