05/10/01
Kortatu taldeak eginiko azken guda dantzaren 17. urteurrena
Komunikazioa 027

Aupa lagunok:
Fokoetatik at mantentzeak ez du geldirik nabilela esan nahi. Honen lekuko, hemen dira aurrera ditzakedan azken mugimenduen zenbait berri :

1. Kolaborazioak eta agerpenak: Garrantzitsuena, Xabi Solano eta Jon Tronbonekin batera, Fermin Muguruza Trio Akustikoa izenpean egingo dugun emanaldia Bolognan, Laurel Aitken handiari omenaldi gisa burutuko den kontzertuan.

Honetaz aparte, beste bi festibaletan izanen naiz kolaboratzaile gisa.

Lehenengoa, Urriaren 8an Gasteizen egingo den gaztetxearen aldeko jaian, Betagarri taldeak eskainiko duen kontzertuaren barruan, Juan SA-koarekin batera prestatzen ari naizena.

Bigarrena, Azaroaren 25ean Berlinen, Mauro lagun minak, antolaturiko jaialdiaren barruan eta Banda Bassottirekin batera. Eskertzea berriro ere toki guztietatik jasotako gonbiteak eta proposamenak, bereziki Cuencako Casa Babylon aretokoarena beraien 10. urteurrenerako. Eskerrik asko denoi. Aurrera dezakedana da, ez naizela beste horrelakoetan azalduko disko berria argitaratu arte.

2. Negu Gorriak: Aurrera goaz lan honekin eta berrikuntza bat gehituko zaio ekoizpenari.2001ean “Negu Gorriak, geurea da garaipena” izenarekin Belodromoan larunbatean eginiko kontzertuaren zenbait kantu zuzenean grabaturik izanen dira CD extra batean DVDarekin batera. Negu Gorriak taldeko partaideok bildu eta 1994ean “Hipokrisiari Stop” zuzeneko diskoan azaltzen diren abestiak aintzakotzat hartuz, hurrengo kantuen hautaketa egin genuen, 15 hauek bilduz: Ez dut ezer esan nahi, Hitz egin, Bost gehiago, Hiri gerrilaren dantza, Itxafero mekanikoa, Zipaioen matxinada, Nire baitan daude biak, Ideien kontrabandoa, Ez dezagun sal, Song number one, Kaixo, Errespetua, Begirunea, Aizu eta NG geurea da garaipena. Lan honen argitalpena abenduaren 1ean izanen da eta hurrengo komunikazioan DVDaren inguruko zehaztasunak argituko ditut.

3. Sorkun, The Solanos. Aurtengo udazken honetan beste bi lan oso interesgarri izango dira kalean eta biak oso gertutik jarraitzeaz gain, nirekin ibilitako jendea eginak dira: Lehenengoa Sorkunen “Duna” jadanik salgai aurki daiteke, Igor Ruiz “Fino” Kontrabandakoa, Sorkunen bandako beste musikari bat bilakatuta. Bajularia Atxus dugu, “Komunikazioa Tour” monitoretako tekniko lanak burutu zituena. The Solanos, berriz, Xabi Solano trikitilariaren egitasmoa dugu, bertan Benas, Dub Manifest taldeko gitarrajolea eta Sergio, Joxe Ripiau taldeko baterijolea taldean daudelarik, besteak beste.

4. Faxistak: Epaia atera da azkenean, 2001ean kontzertu baten kontra, ni aritu behar nuela argudiatuz, bonba bat jartzen saiatu zirenentzat. 6 urteko gartzela zigorra bakoitzarentzat. Terrorismo delitua ezarri diete, Madrilgo auzitegi Nazionalean epaituta ez izan arren. Nik detaile bat besterik ez dut gehitu nahi, hemen ematen dizkizuedan 3 estekekin batera, klase politikoak duen moral bikoitza salatzeko. Santiago Royuela, Alberto Royuela subastatzailea eta Francoren guardiakoa izandakoaren semea , Europako Parlamenturako “Alianza por la Unidad Nacional” zerrendan joan zen. Zerrenda honen burua Saez de Iniestrillas genuen, Josu Muguruzaren hilketagatik prozesatua izan zena. Hau dena kontuan hartuta, ez al genuke mereziko, bai nik, bai nire kontzertuetara joan eta joaten den jende guztiak, beste edozein musikari, idazle, artista edo kazetariak zenbait tokietatik jasotzen duten elkartasuna jaso beharko? Zer dela eta ixiltasun informatiboa gertakari honen inguruan?

- Berria (eusk)
- El Periodico de Catalunya (Cat)
- El Periodico de Catalunya (Gazt)

Laster arte lagunok. Besarkada handi bat:
Fermin Muguruza