06/07/06
Komunikazioa 32

Gora San Fermin!

Aupa lagunok:

"Euskal Herria Jamaika Clash" diskoa kaleratu zenetik, lan hau ezagutzera emateari ekin nion. Gertaerak gertaera, aurrera goaz.

Elkarrizketak
Elkarrizketa asko dago interneten, irakurtzeko eta entzuteko. Radio Changoko foroan jarraipen estua egin dute eta estekak eskaini dituzte egunez egun.

Bestaldetik, Irungo aspaldiko laguna den Iturri arduratu da batzuk bere blogetan zintzilikatzeaz, baita "Irun-Kingston" nire artikulua gaztelerara itzultzeaz ere:

Tres entrevistas a Fermin Muguruza
Hiru elkarrizketa Fermin Muguruzarekin
La conexión Irun-Kingston

Eta Radio Vallekaseko lagunek zintzilikatu dute beraiekin egindako ordu bat eta berrogei minutuko azken elkarrizketa.

Dokumentala
Euskal Telebistak emititu ondoren, Bartzelonan ospatuko den In Edit musika dokumentalen jaialdian programatuko dutela konfirmatuta dago jada, gaztelaniazko azpitituluekin. Urriaren 31tik azaroaren 5era izango da aurtengo edizioa. Eguna zehazteko dago oraindik.

Projecto Global

Galiziako lagunek jarraitzen dute kamisetak eta txanoak banatzen. Askok oraindik helbidea galdetzen digutenez, hona hemen berriro ere: http://www.projectoglobal.com

Bideoak
Aurreko komunikazioan iragarri bezala, webgune honen bideo sailean zenbait bideo gehiago ikus daiteke. Besteak beste oso toki gutxitan ikusi ahal izan den "Azoka Eguna" kantuarena, Jamaikako irudiekin osatutakoa.

Talka Denda
Maiatzeko bigarren astetik aurrera martxan da Talka Denda. Bertan azken diskoa aurkitzeaz gain, nire beste disko guztiak eskura daitezke, baita Kontrakalea zigilupean kaleratu ziren beste erreferentziak ere.
Kiti dugu honen arduraduna eta hemendik kuraia handia bidali nahi diot bere eginkizuna aurrera eraman dezan.

Fermin Muguruza hil da
Maiatzaren 24an nire aita, Fermin, zendu zen. Lavapieseko Lo Máximo tabernan nengoen Kike Babas eta Kike Turronekin, elkarrizketa bat bukatu berritan, amak deitu zidanean esateko aitak tronbosia izan zuela eta ospitaleratu behar zutela. Egoerak okerrera egin zuen eta zortzi egunetan joan zitzaigun.

THIS IS THE END
Beautiful friend
This is the end
My only friend, the end
Of our elaborate plans, the end
Of everything that stands the end
No safety or surprise, the end
I'll never look into your eyes...again
(The Doors - The end )

Agur nire jarraitzailerik handienari, agur aita, Robert de Niro baino handiagoa zinen.
Jabierrek esan zidan behin bizitzako lehen desengainua zure aita munduko gizakirik indartsuena ez dela konturatzen zaren egunean gertatzen dela. Desenkantuaren kontrako ironiaz, ados nengoela erantzun nion, baina gurea munduko gizakirik indartsuena zela ihardetsiz.

Eta orain, Samuel Beckett idazlearen jaiotzaren 100. urteurrenean, absurdoaren antzerkia errebindikatuz, Godot-en zain, Vladimir eta Estragón bezala, uztailaren zazpiko deia itxarongo dut, zure ahotsaren besarkada sentitzeko berriz, zure indarrarekin kuraia emanez, ni zoriontzen, gu biok zorionduz: "Gora San Fermin!" ozenki esanez.


FERMIN MUGURUZA eta FERMIN MUGURUZA
Baionako Bestak. 2003 / 07 / 31
JAI ALAI KATUMBI EXPRESS


Besarkada handi bat eta laster arte lagunok:

Fermin Muguruza