07 / 03 / 03
(Gasteizko sarraskiaren 31. urteurrena. Campanades a morts)
Komunikazioa 038


Aupa lagunok:
Oker nenbilen. Esan nuen 2004ean egindako bira nire azkenekoa zela eta 3 urte pasa ondoren berriro ekingo diet, 4 hilabetez, zuzeneko aurkezpen jarraitu batzuei, alegia, tour izenarekin ezagutzen dugun horri. Aurtengo 007 honetan izan behar zuen, Sean Connery (egun, Eskoziako Alderdi Abertzalearen 007 karnetaren zenbakia duena) handiaren irakaspena aintzakotzat hartzeko unea eta nik neuk aitortzeko: “Never say, never again”, hau da, “ez esan inoiz, inoiz ere ez”.
Tira, nire birak ez du “No more Tour” izena izango, baina aitor diezazueket, esaldia tatuatuko dudala “Memento” estiloan.
Eta Lynchen “Inland Empire” garai nahasi hauetan non Euskal Poliziak lurrean jipoitzen gaituen manifestazio eskubidea aldarrikatzen dugunean, izan dezagun umore zinematografiko apur bat, Chaplinen bandera gorria altxatu eta astinduko baitut, bere “Garai Modernoak” filmean bezala, berriro ere aldarrikatzeko nire marxista izaera (Groucho korrontekoa).
Azpian uzten dizuet Amaiak idatziriko biraren inguruko testua, baita apirilean eta maiatzean egingo ditugun kontzertuen datak.
A! Eta birarekin hasi baino lehenago, DJ Laia beste ekintza bat izanen da martxoaren 28an Danimarkako Kopenhagen.
Laster elkar ikusiko dugulakoan, jaso ezazue besarkada handi bat:
Fermin Muguruza



FERMIN MUGURUZA&AFRO-BASQUE FIRE BRIGADE
TALKA TOUR 2007

Eszenatokira itzuliko da. Hiru urtez zuzenean aritu gabe egon ondoren, garapen pertsonalerako ekintza eta sormena bizimodu eta abiaburu dituen eszenatokiko animaliaren buelta da hau.
Hiru urte pasa dira agur esan zuenetik Bilboko jaietan, 30.000 lagunen aurrean, bi urteko etengabeko biraren itxieran (2003an, Manu Chao eta Radio Bembarekin batera eginiko “Jai Alai Katumbi Express” mitikoa; 2004an, Kontrabandarekin eginiko “Komunikazioa Tour” bira guztien bira).

Huraxe zela azken bira iragartzeaz aparte, jendaurrean aritzeko formatu berriak ikertzeko beharraz ohartarazi zuen. Eta horrela ibili da erdi-ezkutuko izenekin jolastuz: Dj Laia, Kontrakantxa FM, FM hirukote akustikoa edo Basque FIRE Department.

Dena dela, 2006an, “Euskal Herria Jamaika Clash” nazioartean jada goraipatutako diskoaren argitalpenarekin batera, Kinsgston-go Tuff Gong eta Big Yard estudioetan grabaturikoa, Muguruzak musikari euskaldunez eta jamaikarrez osaturiko taldea elkartu zuen lan hau Barakaldoko BECen aurkezteko. Azaroaren 11n izan zen hori, koherentzia eta entrega eskertu zioten bertan bildutako 12.000 lagunek. Besarkaden jaialdia izan zen, eta honen ostean, gaur egungo errealitatean parte hartzeko beharra sentitu zuen Muguruzak. Horregatik, banda elkartu egin du eta 2007ko apiriletik abuztura bitartean iraungo duen biran arituko dira.

Fermin Muguruza Talka Tour 2007 izeneko birarekin eta AFRO-BASQUE FIRE BRIGADE talde berriarekin itzuliko da. Alde batetik, betiko laguntzaile-ekintzaileak izango ditu: Mikel Abrego (bateria), Sorkun (ahotsak), DZ (platerak), Xabi Solano (trikitixa), Oskar Benas (gitarra), Jon Elizalde (tronboia), Fino (saxua) eta Lonbi (tronpeta). Bestaldetik, errefortzu berriak izango ditu: Kubatik Víctor Navarrete (baxua) eta Leo Rodríguez (perkusioak); Jamaikatik Franklin “Bubbler” Waul (teklatuak), Black Uhuru talde mitikoan aritutakoa, eta Stephanie Wallace (ahotsak), Anthony B-ren backing vocal, besteak beste.

Beraz, hamahiru musikari arituko dira zuzenean Talka –danbatekoa, topaketa, borroka- Tour eskaintzen, musikaren munduan 25 urte beteko dituen Muguruzaren ibilbide oparoa birpasatzen, berbisitatzen, aldarrikatzen: nahitaezko Kortatu taldeko garaiak, erreferentziazko Negu Gorriak taldekoa, gaur egungo bide anitzeko lan ugariak.

Hemen dago berriro pertsonaia publikoa, iritzi sortzailea, beti borborka dagoen musikari handia, bere aukera guztiak miatzeko eta modurik azkarrenean bideratzeko gai dena, hemen dago berriro bere imitaezinezko presentzia eszeniko eta komunikatzailearekin, talde bakarra eta errepika ezina lagun duela.

Ez dakigu zenbat denbora itxoin beharko dugun 2007 honen ondoren. Beraz, aurten Fermin Muguruza&Afro-Basque Fire Brigade taldearen deia entzuterakoan, premiazko hitzordua izango dugu TALKA TOUR 007aren edozein geltokitan.

Amaia Apaolaza

(Talka Tour 2007 Komunikazio Dep.)



Apirila:

18 (asteazkena): PARIS: New Morning
20 (ostirala): DURANGO: Plateruena
21 (larunbata): DONIBANE GARAZI: Polikiroldegia. Irulegi Irratiaren jaialdia.
26 (osteguna): BARCELONA: Razzmatazz
28 (larunbata): GIRONA: La Mirona / Black Music Festival
29 (igandea): VIÑA ROCK Festival
30 (astelena): IRUÑEA: Tótem
Maiatza:
16 (asteazkena): TIJUANA: Multkulti
18 (ostirala): MEXICO D.F. Festival Ollinkan de las Culturas en Resistencia
19 (larunbata): MEXICO D.F. Festival Ollinkan de las Culturas en Resistencia
20 (igandea): MEXICO D.F.: Zócalo
25 (ostirala): LA HABANA: Festival de la canción necesaria
26 (larunbata): LA HABANA: Tribuna Anti-imperialista