07 / 09 / 11 Komunikazioa 040 Aupa lagunok: TALKA TOUR 2007 Bira bukatuta, hemen naukazue komunikazioak zabaltzeko prest berriro ere. Lehenik eta behin, eskerrak behar dizkiot Aitor NGri, web orrialde honetan eginiko lan bikainarengatik. Biraren inguruko berriak, festibalen estekak, kontzertuen aretoetarako loturak, argazkiak, daten aldaketak, elkarrizketak, baita betiko faxisten jazarpen nazkagarriaren ingurukoak ere, inoiz baino jarraipen hobeagorik egin ahal izan duzue bere lanaren ondorioz. Beti bezala, beste aldetik, derrigorrezkoa da eskertzea zuen presentzia, berotasuna, komunikazioa eta eusteko gogoa kontzertu bakoitzean. Bira honek zailtasun askori aurre egin izan arren, zoragarria izan da aldi berean. Eta nola inoiz baino material gehiago eskuratu dugun, bai argazkiak, bai bideo grabaketak, afitxeak, eta abar, argazki-liburu bat, DVD batekin batera negurako prestatzea otu zitzaigun. Fernando Sapo logistika lanetaz arduratzeaz gain, argazkiak atera zituen pasatzen ginen toki bakoitzetik. Berak eginiko erretratuak gehi zuek igorritakoekin, argazki-liburua osatuko dugu. Argazki-liburuak, DVD bat eramango du gehigarri gisa, non bira honetako road-movie bat eta zenbait kantu zuzenean jasoko diren. Ezbairik gabe, hortik baldin baduzue zerbait eta ez badiguzue oraindik igorri, egin ezazue ahalik eta azkarren TALKAren helbidera: 291 postakutxa, 20.300 IRUN. IRUN, LION, ZION in DUB (Vol. 1) Tour 007ren argazki liburua gehi DVDa, ez da izango TALKAk negurako kaleratuko duen ekoizpen bakarra. “IRUN, LION, ZION in DUB” izenburupean, beste Irun konexioa izanen da CD batean argitaraturik. Egile askoren bilduma honek, DUB musika, elkartzeko gune libre bat bezala abiapuntutzat hartuko du. Imajina ezazue zein lagunek hartuko duten parte. Laster berri gehiago. TODOS LOS DÍAS SON TUYOS Urriaren 7an, Mexikoko Moreliako Nazioarteko Film Festibalean, Jose Luís Gutiérrez-Ariasek egin duen bere lehenengo luzemetraiaren proiekzioa izanen da. “Todos los días son tuyos” pelikula, UNAMek ekoiztu du. Emma Suarez dugu aktore nagusietako bat eta pelikulari izena ematen dion kantua gehi beste pare bat, nik neuk eginak dira. Espero dezagun laster heltzea Estatu Espainolera, zentsuraren gainetik pasatzen bada. Ikusten duzuen bezala, ekintzari ekiteko udazkena dator. Besarkada handi bat eta laster arte. Fermin Muguruza  |