08 / 01 / 11 Komunikazioa 041 Aupa lagunok: 2 hilabete pasa dira azken komunikaziotik, baina kaleraturiko “Irun, Lion, Zion in DUB” diskoa, “Tour 07” argazki liburua eta DVD, abenduaren 1ean eginiko jaia Irungo TUNK aretoan (dagoeneko argazkiak ikus daitezkeela bere sailean), Durangoko Azoka, gehi jarraian aipatu behar ditudan egitasmoek erabat okupatuta mantendu naute: -Mirant al Cel: Nire lehenengo soinu banda luzemetrai baterako. 37. Urtean, guda zibilean Hitleren naziek bonbardatu zuten Gernika. 38an Mussoliniren faxistek Barcelona. Aurten, 70 urtemugaren harira, Bartzelonako Massa D´Or produktora zinematografikoa ekoizten ari da pelikula bat. Zuzendaria Jesús Garay da eta musikaren arduraduna ni neu. Estrenaldia, martxorako izatea da helburu. -Disko berria: Aldi berean, disko berriaren konposatze lana baita grabatzekoa ere aurrera doa. Iaz aipatu nuen aurten kaleratuko nukeela, eta horretan nabil. Zer moduz data bat jartzen badut dagoeneko? Zer moduz 2008.eko urriaren 31ean: ASTHMATIC LION SOUND SYSTEMA disko berria? -La Puta People: Iruñeko Errotxapea auzoko Gorka Argandoña aka Ekainen lehenengo komiki liburua argitaratu da. Gusto handiz egin nion hitzaurrea. -Köln, 08/01/19: BrigadistakSounds kolektiboak, argazki liburuak atxikia duen DVDaren aurkezpena antolatu du Alemaniako Kolonian hurrengo asterako, urtarrilaren 19rako. K-Hofen gaueko 9etatik aurrera. Eta 2008ko urte honen hasieran egoera politikoa aipatu nahi dut, baita 2007ko urteak eman duen sorkuntza aldetik uzta oparoaren nire iradokizun zerrenda. Oteizaren urtea izendatu dute aurtengoa, eta berak behin esandakoa ekarri nahi dut gogora. Tunelaren amaieran argia ikustean kontuz ibili behar genuela zioen, agian tunelaren amaiera izan beharrean, tren baten argia baitzen. Eta hala gertatu da. Trena zen ikusten genuen argia, eta Abiadura Handikoa gainera. Bake prozesuari buruz hitz egiterakoan ere Hegoafrikan egiten zen metafora erabiltzen zen Euskal Herrian: hipopotamo bat uretan dagoenean ikusten den animaliaren proportzioa txikia bada ere, azpitik gorputz eta hanka sendoak badirela aipatzen zen. Ez genekiena zen, ur horietan piraña ugari zeudela eta beheko guztia janda zeukatela, hipopotamo gizarajoaren gaina bakarrik utziz. Hala eta guztiz ere saiatu ginen Milaka Bilakarekin. Eta porrot egin genuen. Baina uneko frakasoa izan da. Berriro ere ekingo diogulako lanari, eta oihukatzen genuena Milaka Bilakaren kantuan: “No More Guns Talking” gurea egingo dugu berriz, begirunea, elkarrizketa eta bakea exijitzeko. Gaur, Intxaurrondo kuarteletik Lesakako bizilagun torturatuen oihuek ni ere torturatzen naute, eta nahastu egiten dira, lehen ito zuten Zabalzaren oihuekin edo Lasa eta Zabalaren garraxiekin. Eta gerra egitera etorri ziren guzti horiei, gorroto eragiteko makina diren horiei alde egiteko esan behar diegu. Joan baina, nora, ez badute inon nahi? Federico García Lorcak erahil baino lehenago idatziriko “Romance de la Guardia Civil” pasarte bat gogoratuko dut: “Por las calles empinadas suben las capas siniestras, dejando detrás fugaces remolinos de tijeras… Pero la Guardia Civil avanza sembrando hogueras, donde joven y desnuda la imaginación se quema. Rosa la de los Camborios gime sentada en su puerta, con sus dos pechos cortados puestos en una bandeja”. Zita hau eta gero, bi testu utzi nahi dizkizuet, erabat identifikatuta sentitzen bainaiz beraiekin: Bata, La Dinamon argitaratutakoa 18/98+ epaiketaren ingurukoa eta gehio: http://www.ladinamo.org/blog/?p=351#more-351 Bigarrena, El Meswyk idatzitakoa Carlos J. Palominoren hilketa eta gero. Eta bukatzeko, 2007ko nire zerrenda aholkatuko nituzken disko, liburu eta pelikulekin. 3 sailetan lehenengoa, emakume bat: Diskoak: 1. MIA: Kala 2. AMY WINEHOUSE: Back to black 3. THE GOOD, THE BAD & THE QUEEN 4. LISABÖ: EZLEKUAK 5. BURIAL: Untrue 6. COMMON: Finding Forever 7. GRANDE MARLASKA: El Momento de Hacer 8. JAMIE T: Panic Prevention 9. TURBULANCE: Do good 10. THE EVENS: Get evens Pelikulak: 1. PERSEPOLIS (Marjani Satrapi) 2. EL BUEN PASTOR (Robert De Niro) 3. PROMESAS DEL ESTE (David Cronenberg) 4. INLAND EMPIRE (David Lynch) 5. DEATH PROOF (Quentin Tarantino) Liburuak: 1. Eider Rodriguez: HARAGIA 2. Naomi Klein: LA DOCTRINA DEL SHOCK 3. Paul Auster: VIAJES POR EL SCRIPTORIUM 4. Beñat Sarasola: KAXA HUTS BAT 5. Karmele Jaio: ZU BEZAIN AHUL Sorkuntzaz erantzungo dugu 2008 honetan ere. Besarkada handi bat eta laster arte: Fermin Muguruza  |