08 / 04 / 29
Komunikazioa 042
Kavafisen 75.urteurrena
Itaka Berriro


Aupa lagunok:
Aurreko komunikazioan azaldu nuen bezala, Mirant al Cel pelikula estreinatu zen martxoaren 17an eta hortik aste batzutara, soinu banda dokumentatua gelditu zen disko batean. Talka diskoetxearen erreferentzi berria dugu hau, 4 hilabeteko lana laburbiltzen duena (2007ko azaroa eta abendua, 2008ko urtarrila eta otsaila), baina ez da azkena izango aurten, ASTHMATIC LION SOUND SYSTEMA disko berriaren argitaratzeko data mantentzen baitut, urriaren 31a, alegia.
Burutzen ari naizen lan hauetaz aparte, ekinbide politikoak ez du etenik, hiru ardatz dituelarik:

-Palestinarekiko nazioarteko elkartasuna. Laster honen berri emango dut.

-Euskal Herrirako bake akordioa gauzatzeko ekimenak. Salbuespen egoera, ilegalizazioak, torturak, atxiloketak, errepresioa eta erabateko errefusa eragiten didan Isaias Carrascoren hilketa bezalako ekintzekin amaitzeko martxan jarri behar diren ekimenen aldeko jarrera. Laster berri gehiago, eta ea Arnaldo Otegiren askatasunarekin bat egiten duen “Orain Herria, orain bakea” ekimen berrituak. Bitartean, nirea ere egiten dudan Sabino Cuadraren testu bat.

-Lurraldea txikituko duen makroegitura kapitalisten kontrako jarrera. AHT Gelditu Elkarlana
www.ahtgelditu.org kolektibotik jasotako eskaria erantzunez, gaur prentsaurreko batez aurkeztu eta datorren hilabetean Euskal Herriko herriak zeharkatuko duen AHT-ren inposaketa salatzeko martxaren soinu banda burutu dut Basque Fire Departmenteko musikariekin batera; Jon Elizalde, Lonbi, Fino, Pintza, Benas, Solano, DZ, Hedoi Etxarte eta Katarain teknikaria. Hautaturiko doinua, “Pay me my money down” kantu mitikoaren errebisioa dugu. Garai batean AEBtan greban zeuden zamaketari beltzek protesta egiteko kantatzen zutena, egun, beste herri protesta baten soinu banda bilakatuko da. Ausartuko al zaigu Bruce Springsteen hitza aldatzen, uztailaren 15ean Donostian egingo duen kontzertuan?

Adi egon seinaleari!
Besarkada handi bat eta laster arte:


Fermin Muguruza