Eszenatokira itzuliko da. Hiru urtez zuzenean aritu gabe egon
ondoren, garapen pertsonalerako ekintza eta sormena bizimodu
eta abiaburu dituen eszenatokiko animaliaren buelta da hau.
Hiru
urte pasa dira agur esan zuenetik Bilboko jaietan, 30.000
lagunen aurrean, bi urteko etengabeko biraren itxieran (2003an,
Manu Chao eta Radio Bembarekin batera eginiko “Jai
Alai Katumbi Express” mitikoa; 2004an, Kontrabandarekin
eginiko “Komunikazioa Tour” bira guztien bira).
Huraxe
zela azken bira iragartzeaz aparte, jendaurrean aritzeko
formatu berriak ikertzeko beharraz ohartarazi zuen. Eta
horrela ibili da erdi-ezkutuko izenekin jolastuz: Dj Laia,
Kontrakantxa FM, FM hirukote akustikoa edo Basque FIRE Department.
Dena
dela, 2006an, “Euskal Herria Jamaika Clash”
nazioartean jada goraipatutako diskoaren argitalpenarekin
batera, Kinsgston-go Tuff Gong eta Big Yard estudioetan
grabaturikoa, Muguruzak musikari euskaldunez eta jamaikarrez
osaturiko taldea elkartu zuen lan hau Barakaldoko BECen
aurkezteko. Azaroaren 11n izan zen hori, koherentzia eta
entrega eskertu zioten bertan bildutako 12.000 lagunek.
Besarkaden jaialdia izan zen, eta honen ostean, gaur egungo
errealitatean parte hartzeko beharra sentitu zuen Muguruzak.
Horregatik, banda elkartu egin du eta 2007ko apiriletik
abuztura bitartean iraungo duen biran arituko dira.
Fermin
Muguruza Talka Tour 2007 izeneko birarekin eta AFRO-BASQUE
FIRE BRIGADE talde berriarekin itzuliko da. Alde batetik,
betiko laguntzaile-ekintzaileak izango ditu: Mikel Abrego
(bateria), Sorkun (ahotsak), DZ (platerak), Xabi Solano
(trikitixa), Oskar Benas (gitarra), Jon Elizalde (tronboia),
Fino (saxua) eta Lonbi (tronpeta). Bestaldetik, errefortzu
berriak izango ditu: Kubatik Víctor Navarrete (baxua)
eta Leo Rodríguez (perkusioak); Jamaikatik Franklin
“Bubbler” Waul (teklatuak), Black Uhuru talde
mitikoan aritutakoa, eta Stephanie Wallace (ahotsak), Anthony
B-ren backing vocal, besteak beste.
Beraz,
hamahiru musikari arituko dira zuzenean Talka –danbatekoa,
topaketa, borroka- Tour eskaintzen, musikaren munduan 25
urte beteko dituen Muguruzaren ibilbide oparoa birpasatzen,
berbisitatzen, aldarrikatzen: nahitaezko Kortatu taldeko
garaiak, erreferentziazko Negu Gorriak taldekoa, gaur egungo
bide anitzeko lan ugariak.
Hemen
dago berriro pertsonaia publikoa, iritzi sortzailea, beti
borborka dagoen musikari handia, bere aukera guztiak miatzeko
eta modurik azkarrenean bideratzeko gai dena, hemen dago
berriro bere imitaezinezko presentzia eszeniko eta komunikatzailearekin,
talde bakarra eta errepika ezina lagun duela.
Ez
dakigu zenbat denbora itxoin beharko dugun 2007 honen ondoren.
Beraz, aurten Fermin Muguruza&Afro-Basque Fire Brigade
taldearen deia entzuterakoan, premiazko hitzordua izango
dugu TALKA TOUR 007aren edozein geltokitan.
Amaia
Apaolaza [Talka Tour 007 Komunikazio Dep.] [e-mail]
|