HEGAN
EGITEN IKASTEN
Fer apoa
Bidai ahaztezin honetako lagun guztiei eskainia.
Maite ditut aireportuak. Jendea bertara iritsi eta abiatu egiten
da bertatik. Gune biziak dira, bizitzak, ametsak eta istorioak
gurutzatzen, ukitzen, topatzen eta galtzen diren tokiak. Une iragankorrak,
jakinguraz beteriko begiradak, hizkuntza ezinezkoak eta jende
paregabea. Bizitza den bezalakoa, izugarria. Izan ere, aireratzen
den hegaldi baten modukoa da bizitza, ezagutzen ez dugunaren bila
garamatzana, hodei gorri eta grisen artetik, lumaz beteriko basoak
atzean utziz, urrutiko zerumugak zeharkatuz, azkenean, dantzaleku
erraldoietan lurreratzeko.
Mundura lotzen nauen kristal erraldoiaren aurrean eserita nagoelarik,
ikusten ditut helizeen jira-bira, amesgaiztoak zeru amaigabean
desegiten, ametsak isil-isilik nire zerura hurbiltzen, urrutian
itsasoaren nahasmena atzean uzten duten kaiukoen arrasto zuria
eta hain urrun ez dauden guden leherketek sorturiko dirdira
laranjak, eta pentsatzen dut beste batzuk ez dutela nire zortea
izan. Bidai hau egitearen zortea.
Mundua irauli nahiko nuke. Buelta eman. Bizi dugun globo zikina
emakume eta gizon askez beteriko aireportu handia bihurtu, mugarik,
migrazio kontrolik, beldurrez itsuturiko begi zelataririk eta
legezko zein gorrotozko uniformerik gabekoa.
Bai, maite ditut aireportuak, ihesguneak, topaguneak, amesguneak
direlako. Etorkizunekoak, etorkizunari begira daudenak. Ibilera
ezezaguneko hiriak, esnatze isilekoak. Jainkorik gabeko etorkizunean,
pertsonen omenez eraikitako katedralak. Hor goian ez dago inor,
gu bakarrik, gure baitan bildurik. Eta nahikoa da hori. Gainerakoa,
bizitzaren bakardadea, ospitaletako itxaron gela erraldoi baten
antzekoa da. Beraz, aireportu batean ostatu hartuko dudalakoan
nago, barka nazatela Toño eta Jaionek, lagunek, baita
Amuteko beste bizilagunek ere, izan ere… hegan egiteko
beldurra galdu baitut.
Onena oraintxe dator. Hoberena etortzear dago.
Osasuna eta bidai on, lagunok!!!